Ametzagaiña 1994an sorturiko Ekonomia Interes Taldea da, eta Komunikazio Biziagoa SAL, Adur Software Productions S.COOP eta Antza SAL enpresek osatzen dute. Horrez gain, talde horren parte da Iametza SL.
30 urteko
ibilbidea
Taldearen xedea da enpresa bakoitzak bere jardueraren garapenerako kooperazioa nahiz elkartasuna sustatzea eta ahalbidetzea, hala nola azpiegituretan, finantzen arloan, mutualismoan edota komertzializazioan. Bere kideek lan antolaketa eta parte-hartzearen inguruko, hala nola gizarte eraldaketarako balio sozial jakin batzuk konpartitzen dituzte. Gainera, ikerketarekin zerikusia duten jardueretan elkarlanerako tresna ere bada.
Ametzagaiñak informazioaren gizartearekin, komunikazioarekin, aktualitateko gai sozial eta kulturalekin eta teknologia berriekin erlazionaturiko proiektuak eramaten ditu aurrera. Informazioari loturiko ikerketa eta produkzioaren bidez euskarazko komunikazioa eta edukiak bultzatzea eta babestea da bere ortzi-muga.
Ametzagaiñaren sorrera ulertzeko, haren aurretik bere enpresa sortzaileek emandako urratsen berri jakitea garrantzitsua da. Zeruko Argia astekaria langileen esku geratu eta Argia izatera pasa zen 1980an. Horren ondotik, komunikazio proiektua ahalik eta modu burujabeenean garatzeko beharra ikusi zen, aldizkariaren biziraupena bermatzeko helburuz.
Hala, 80ko hamarkadan teknologiarekin eta fotokonposaketarekin zerikusia zuten egiturak muntatzen hasi ziren, eta horrela sortu ziren Apika informatika enpresa –gaur egun Adur dena– eta Antza inprimategia, Argiari laguntza emateko propio sortuak.
Hiru enpresa horiek osatu zuten Ametzagaiña eta iragan hori gabe ezin liteke ulertu taldearen sorrera. Euskal prentsa independentea eta euskararen aldeko balio sozialak defendatzen zituzten pertsonak zeuden sorburuan eta euren arteko harremanari esker atera zituzten aurrera egitasmoak elkarrekin. Pertsonatik pertsonara eraikitako proiektua izan da, beraz.
Besteak beste, 1990ean Lasarte-Oriako pabilioiak erosi ziren eta urte horretan Euskaldunon Egunkaria sortzeko baliabideak jarri ziren.
Errealitate horretatik abiatuta, behar konkretuei eta erronka komunei elkarrekin erantzuteko, Ametzagaiña enpresa taldea sortu zen 1994ko ekainaren 3an, A.I.E edo Ekonomia Interes Taldeko forma juridikoarekin –hiru enpresek partaidetza berarekin–. Azpiegiturak, erosketak eta finantzak partekatu, eta proiektuak bideratzeko sinergiak eta beharrizanak betetzea zen hastapeneko helburua.
1997az geroztik Ametzagaiña agente teknologikoa ere bada, Teknologiaren Euskal Sarean integraturik dago I+G enpresa unitate bezala. Software aplikazioen garapenerako ingeniaritzan eta hizkuntzen prozesamenduan oinarritu izan da bere ikerketa eta garapen jarduera.
Bestalde, Adurrek teknologian, Antzak diseinuan eta Argiak komunikazioan, bakoitzak bere arloan jorratzen duena, bezeroari modu integral eta espezializatuan eskaintzeko 2008an Iametza Interaktiboa SL sortu zuten.